Maldan Beherak atseden hartuko du

Hala da. Hamar urte eta ehundaka oztopo igaro ondoren, Maldan Behera inertzia kirolen elkartean atseden hartuko dugu. Hori dela eta, 2023. urtean ez dugu Legazpiko Goitibera Jaitsiera antolatuko eta Sputnik Ekitaldien karga murriztu egingo dugu.

Ez da erabaki erraza izan hartzeko, bainan urteak aurrera egin ahala lantaldea murrizten joan da eta nahiz eta jende berria egon elkartean, ekitaldiak egiteko orduan bolondres falta handia somatzen genuen. Gainera, geroz eta lan karga eta ekitaldi gehiago izaten hari ginen, horren adibide 2022an Sputnik Ekitaldi ugari ezeztatu behar izana egutegian tarterik ez izatearren. Gainera, Euskal Inertzia Kopan oso inplikaturik gaude Maldan Beherako kide guztiak eta orain bertan zentratu nahi ditugu gure indarrak.

Horrek ez du esan nahi betirako uzten dugunik, ezta lo egongo garenik ere. Aipatu bezala Euskal Inertzia Koparen kudeaketan lan egiten jarraituko dugu eta tarteka, Sputnik Ekitaldiren bat ere egingo dugu. Gutxi badira ere. Sputnik Kopak ez du etenaldirik izango eta bere laugarren edizioa izango du lehian Euskal Koparen barne. Nola ez, gure Sputnik Goitiberak salgai egoten jarraituko dute, produkzioa ez bait da geldituko. Ormaiztegiko lasterketarekin ere kolaborazio zuzena izango dugu, bainan ez dugu hortaz aparte lasterketarik antolatuko denboraldi luze batez. Lasterketetan ere lehiatuko gara, nahiz eta betiko neurrian ez izan.

Pena da, 2019an Europako Kopa Legazpira ekarri ostean etenaldi hau egitea, are gehiago europako federakuntzak, Europako Txapelketa Legazpin egitea eskaini eta gero 2024. urtera begira. Ezezkoa esan beharra izan genuen, horrek lan handia dakar eta bere atzetik, lantalde eta indar ekonomiko handia behar da eta. Gainera, ez gaude batere ados espainian dauden inertzia kirolen elkarteen federakuntzek hartu duten bideekin eta ez goaz inolaz ere eurekin elkarlanean lasterketarik antolatzea.

Beraz, erabakia hartua dugu. Atsedena Maldan Behera elkartea eta bere kideentzat. Neurri batean behintzat, guztiz ez bait gara lokartuko, inertzia kirolak bultzatzeko lanean jarraituko dugu eta. Atseden aktiboa hartuko dugu.

Bien bitarte, edonork edozer behar izan ezkero [email protected] helbidean egongo gara.