Maldan Behera elkartea diru bilketan ari da Euskal Inertzia Kopa antolatzeko

Goitibeheren euskal egutegia handitzeko egitasmoari heldu dio Legazpiko inertzia kirol elkarteak. 2022rako 10 lasterketa hitzartu dituzte momentuz, eta gehiagorekin ari dira lanean. Diru bilketa 14ra arte da.

Legazpiko Maldan Behera inertzia kirolen elkarteak goitibehera lasterketen urte berriari normaltasuna itzularazteko ekinbidea hartu du. Udaz geroztik, «gutxika» lortu dute karreretara itzultzea, eta lasterketa eta ekitaldi pare bat gauzatu dituzte. Dinamika horri eutsi nahi diote 2022. urtean, eta pandemia hasi zenean esku artean zeukaten proiektua martxan jarri dute berriro ere: Euskal Inertzia Kopa.

Euskal Herri osoko goitibehera lasterketak batuko dituzte lehiaketa berri horretan. 2009az geroztik gainbehera joan den Euskal Ligaren alternatiba hobetua izango da. Koparen kudeaketaren buru Maldan Behera elkartea da, baina beste elkarte, talde eta antolatzaileekin batera garatuko dute, «denak elkarlanean eta gardentasun osoarekin».

«Gure helburua ateak edonori irekitzea da, eta antolatzaile zein parte-hartzaile berriei topa ditzaketen oztopoak leuntzea. Horretarako, aseguru espezifikoak zein mota guztietako goitibeherak onartuko dira. Hori bai, beti ere gutxieneko segurtasun baldintza batzuk betez, goitibehera lasterketak gaur egun oso seguruak direla aldarrikatu nahi dugu eta», azaldu du Maldan Behera elkarteak.

2022rako bederatzi lasterketa hitzartuta dauzkate, eta «beste horrenbesterekin harremanetan» daude, Euskal Inertzia Kopan sar daitezen. «Lasterketa gorenek zein herri mailako jaitsiera xumeek izango dute egutegian lekua. Gainera, azken hamarkadan egin gabeak dauden lasterketak itzultzeko ahaleginetan ari gara, eta batzuekin lortu dugu».

Diru bilketa, gastuetarako

Kopa berria hutsetik hasteak bere gastuak dituela azaldu du Maldan Beherak, eta finantzazio herrikoia biltzeko diru bilketa edo crowdfunding kanpaina jarri du martxan Euskal Inertzia Koparen antolakuntza batzordeak, apontoque.com webgunean. Laguntzeko dauden aukera ezberdinak azaltzen dira, zaleentzako, pilotuentzako edo babesle izan nahi dutenentzako. «Produktu gehiago gehituko ditugu, eta eskuragarri dauden eskaintzen artean, egun batez pilotu izateko aukera dago».

Diru bilketa urtarrilaren 14ra arte egingo dute, eta jasotakoa Koparen gastuei aurre egiteko izango da: webgunearen mantenua, dortsalak, bidaia-gastuak, sariak edo marketina. Euskal Inertzia Kopako lehenengo lasterketak, berriz, apirilean edo maiatzean izango dira.