Maldan Beherak Euskal Inertzia Kopa aurkezten du

Legazpiko Maldan Behera inertzia kirolen elkartea etengabe lanean dabil inertzia kirol munduan murgilduta. Azken urteetan, herriko goitibera lasterketa antolatzeaz gain Sputnik goitiberen ekitaldiak eta Sputnik Kopa, beste lasterketei kudeaketa zerbitzuak eta iazkoan Europako Koparako proba baliagarria antolatzea lortu zuten besteak beste.

Oraingoan, Maldan Behera inertzia kirolen elkarteak beste inertzia kirolen elkarte batzuekin elkarlanean zein lasterketa eta parte hartzaile multzo baten laguntzarekin Euskal Inertzia Kopa sortu du. Kopa berri honek, lasterketetan parte hartzea bultzatzeaz gain, araudiak bateratzea izango du helburu nagusi. Horretarako, lasterketa eta parte hartzaile guztiei behar duten garrantzia ematea izango da irizpide. Gainera, beharrezko aseguruak eskainiko zaizkie eta beste edozein inertzia txapelketetan ez bezala, pilotuen urteko edozein aseguru homologatu onartuko da parte hartu ahal izateko.

Lasterketetan parte hartzeko, segurtasun neurri minimo batzuei emango zaie arreta honela neurriz kategoria baten barruan sartzen ez diren ibilgailuak ere parte hartzera gonbidatuz. Gainera, Sputnik Kopak egutegi berbera jarraituko du, non goitiberarik ez duen edonork hartu dezake parte Maldan Beherak eskainitako Sputnik goitibera batekin.

Egutegiari dagokionez, martxoa hasi berri jada sei lasterketa konfirmatuta daude: Legazpi (maiatzak 9), Betelu (Ekainak 27), Mutriku (Uztailak 18), Erandio (Abuztuak 29), Sopuerta (Irailak 20) eta Izarra-Urkabustaiz (Urriak 4). Mutrikuko lasterketa lehenengoz antolatuko da aurtengoan bertako Tranpan Behera elkartearen eskutik eta Betelukoa bigarrengoz ospatuko da hiru urteko etenaldia eta gero. Gainontzekoak esperientzia handiko lasterketak dira jada.

Hauetaz gain, Maldan Beherak gutxienez beste bi lasterketa gehiago izango direla aurreikusi du, Ormaiztegi eta Lazkaon. Biak berriak eta elkarte Legazpiarrak bultzatu dituenak bertako Udalekin batera. “Udalekin bildu gara dagoeneko eta baimenak eta aurrekontuak ixtea falta diren arren, aurrera doazela dirudi” – diote Euskal Inertzia Kopako bultzatzaileek. Gainera, beste lau proiektu gehiago ere badituztela aitortu dute: Freeride bat Apirilak 25 eta 26rako Bizkaian, Bi lasterketa berri gehiago eta Euskal egutegiko ohiko lasterketa batek ere Kopa honetan interesa aurkeztu duena. Hurrengo hilabeteetan izango dugu berri gehiago.