Legazpi, goitiberen hiriburua

Europako Kopako proba jokatuko da apirilean, eta onena etortzekoa da, David Tack belgikarra.

Inertzia Kirolen Europako Koparako baliogarria den proba bat jokatuko da apirilaren 20 eta 21ean Legazpin. Beste hitz batzuetan esanda, Europako goitibera onenak lehiatuko dira Legazpin, eta aurreneko aldia izango da Espainiar Estatuan horrelako proba jokatzen dena. Maldan Behera taldearena da meritua Asteburu honetan festa egin da Legazpian, lehiaketaren antolaketa lanetarako dirua lortzeko. Duela bost urte erregistratu zen Maldan Behera taldea,eta kideak, batik bat, Goierrikoakdira. Buru, 30 urteko legazpiar batek egiten du, Julen Agirreburualdek.

Agirreburualdek azaldu duenez, sei probak osatzen dute Europako Kopa, aurten ItalianBelgikanTxekian, Frantzian, Suitzan eta Legazpin jokatuko direnak. Europako Txapelketa, aldiz, Frantzian izango da. Europan dago inertzia kirolaren maila gorena. Nahiz eta beste kontinentetan probak egiten diren, ez dago horrelako txapelketarik beste inon.

Apirilean Legazpin egingo den lehiaketari dagokionez, Frantzia, Belgika, Suitza, Italia, Alemania eta Espainiako partaideak espero dituzte. «Iaz Begika eta Suitzakoak izan ziren indartsuenak, eta onena, David Tackbelgikarra, etortzekoa da«, esan du legazpiarrak.

Lehiakideen artean neska gutxi izaten da, «eta Euskal Herrian ere oso gutxi dira, pare bat, eta noizbehinka baino ez dira lehiatzen». Gipuzkoan, gaur egun, 25 bat lagun dira kirol hau praktikatzen dutenak.

Apirilaren 20 eta 21ean lau jaitsialdi egingo dira, bi larunbat arratsaldean, beste biak igande goizean, Aztiriko gainean hasi eta Motxorroko bidegurutzean bukatuta. Guztira, 2,5 kilometro. «Europako ibilbiderik luzeenetakoa da hau, normalean 1,5 kilometrokoak izan ohi dira», dio Agirreburualdek.

Euskal Herri mailan, sonatua da abuztuaren 15ean Gernikan egiten den lasterketa. Donostian ere izaten da, Zuatzuko aldapan. Mundutxo honetan, persona giltzarria Calixto García da. «Portugaleten bizi den madrildarra da. Berak ekarri ditu Europako teknika aurreratuenak».

Agirreburualde kirol honetan hasi zenean, erreferentzia nagusia Zallako goitibera bat zen, ‘La Góndola’, Asier Leizearena. Legazpiarrak honela azaldu du bere hasierako ibilbidea: «Beti izan dut goitiberen inguruko zaletasuna. Ez dakit nondik datorkidan baina umetan izan zen. Lagunartean, patineteekin botatzen ginen Itxaropena auzotik behera. Gero, kuadrillako bi lagunekin pare bat goitibera egin genituen, eta patineteak utzi. Behin, udaltzainek horietako bat konfiskatu ziguten, eta eta gurasoekin bila joan behar izan genuen. Legazpin lasterketa egiten zen eta Zumarragara ere joaten nintzen ikustera. Uste dut 2005ean egin nuela debuta utzi zidaten goitibera batekin Urretxun, baina etxekoei ezer esan gabe».

 

Diario Vasco