Julen Agirreburualderi elkarrizketa Kirolzalen

Julen Agirreburualde: «Motorrik gabeko 1 Formula txapelketa moduko bat dela esango nuke»

Umetan, ia ohartu gabe, lagunekin Legazpiko Itxaropena auzotik bere burua patinetean botaz, barru barruraino sartu zitzaion inertzia kirolen harra 30 urteko gazte legazpiar honi. Ordutik ia denetarik egin du mundu honetan, kirolari, antolatzaile, Maldan Behera taldeko sortzaile, lasterketa zuzendari… Bere azken erronka Europako Kopako proba bat etxera ekartzea da, apirilaren 20-21an antolatuko duen ikuskizunaren inguruan mintzo da.

-Hasteko, aurkeztu pixka bat zure burua? Nondik mundu honekiko zaletasuna?

Beti izan dut goitiberen inguruko zaletasuna. Ez dakit nondik datorkidan baina umetan dagoeneko, lagunartean, patineteekin botatzen ginen Legazpiko Itxaropena auzotik behera. Gerora ere, kuadrillako bi lagunekin pare bat goitibera egin genituen, patineteak sakrifikatu eta hauen ardatz eta gurpilak erabiliz. Gogoan dut nola udaltzaingoak horietako bat konfiskatu eta gurasoekin bila joan izana. Legazpin lasterketa egiten zen eta Zumarragara ere joaten nintzen ikustera. 2005 Urte inguruan egin nuen debuta utzi zidaten goitibera batekin Urretxun, baina etxekoek jakin gabe han nengoenik. Gero txirrindularitzan zentratu nintzen, nire benetako pasioa. 2011an Zumarragan lehiatu nintzen bizikleta moduko goitibera batekin eta bigarrena egin nuen, Legazpin urte berean proba irabazi nuen. 2012an serio hasi nintzen eta Euskal Liga irabazi nuen arinen kategorian. 2013an, osasun arazo batzuk medio, bizikleta laga behar izan nuen eta goitiberak ihesbide bihurtu ziren (lehiak, antolakuntzak,…)

-Talde bat ere baduzue, zer da Maldan Behera?

Maldan Behera talde moduan sortu genuen hasieran, 2012 urtean, Iker eta Aitor Ariztirekin batera. 2014 urtean, Oñatiko Mugerzatarrak eta Astondoa gehitu ziren eta Elkartea sortu genuen, Maldan Behera Inertzia Kirolen Elkartea. Gaur egun hasi ginenetatik nik bakarrik jarraitzen dut elkartean, besteak autoetara egin dute salto.

-Zer izango dugu apirilaren 20-21ean Legazpin?

Goitiberen edo Inertzia Kirolen Europako Koparako baliogarria den proba bat. Espainiar Estatuan, sekula ez da halako probarik egin lehenago. Europako kopa 5 probek osatzen dute (Aurten Italian, Belgikan, Txekian, Suitzan eta Legazpikoa). Europako Txapelketa, aldiz, frantziar Estatuan izango da. Hau da inertzia kirolen dagoen mailarik gorenena. Nahiz eta beste kontinentetan probak egiten diren, ez dago horrelako txapelketarik beste inon.
2017 Urtean, Europako txapelketara ezin joan eta Suitzako Europako Kopa lehiatzera joan nintzen. Orduan konturatu nintzen, Europako Txapelketa antolatzea handi geratzen dela baina kopa bat antolatzeko ahalmena bagenuela. Elkartekideak bildu, proiektua kontatu nien eta…aurrera goaz!

-Goitibeheren mundua Euskal Herrian festei lotutako zerbait da, baina hau beste mundu bat da ala?

Hemen ez dute edonola soldatutako bi burdin eta lau gurpilek balio…
Nahiz eta proba gehienak jaien inguruan egin, garapen bat izan da goitiberen munduan. Geroz eta serioagoa da, materialak hobetu dira eta asko dira esaten dutenak egungoak ez direla goitiberak. Lau burdin izaten jarraitzen dute gehienak, baita bi, hiru edo lau gurpil ere… baina burdinak behar bezala jarrita, piezak neurrira eginda eta ahalik eta gurpil azkarrenekin.

-Ze motatako ibilgailuak izango dira?

Euskal Herrian garapena handia izan dela esaten badugu, Europa mailan askoz ere gehiago aldatu da. 36 urte dira Europako txapelketa lehiatzen dela eta guk soilik 5 urte inguru daramagu joaten. Eta dozena bat gara Espainian joaten garenak.
Karbonoa, Aluminioa, Magnesioa,… ohikoak dira europar mailako goitiberetan. Batzuen aerodinamika eta ingeniaritza ikaragarria da. Han ez dute nagikeriarik ibilgailu azkarrenak sortzen dirua eta denbora gastatzeko.

-Zerbaitekin alderatu beharko bazenu?

Bada motorrik gabeko 1 Formula txapelketa bat dela esaten duenik eta nik ere hala dela esango nuke. Gainera, Scuderia Ferrarik Speeddown taldea dauka Italian, eta batzuetan bertako ingeniari edo pilotuak izaten dira lehian. Sekretu asko ere egoten da goitibeheren doikuntzak egiteko orduan eta askok telemetriak erabiltzen dituzte hobetzeko. Profesionaltasun handia erakusten zaie pilotuei txikitatik eta bada ere pilotu profesional izandako jendea, erretiratu eta goitiberetan maila honetan dabilena.

-Europako Kopa eta Espainiako Kopa jokatuko dira, ze alde dago batetik bestera?

Espainiako kopa ere izango da. Azken urteetan Espainian sartu dira Europako maila batzuk baina badira bertako bereziak ere, Europako kopan lehiatu ezin dutenak. Pilotoak enteratu zirenean Europako kopa antolatuko genuela, eurek ere parte hartu nahi zuten. Aukera bakarra, proba espainiar koparako ere baliagarria egitea zen. Bai araudietan, ibilgailu eta mailetan, antolakuntzan alde handia dago batetik bestera, eta nabarmena izango da.

-Ze mailako parte-hartzea espero duzue?

Nahiz izen emateak ez ireki oraindik, Otsailak 22an irekiko ditugu, MALDAN BEhERa Fest jaiarekin batera, jada hasi da jendea alojamendu eskean edo etorriko direla konfirmatzen. Europako Txapeldun absolutuak konfirmatu du bertan izango dela, Belgikatik dator beste taldekide batzuekin batera. Italiatik ere talde indartsu batek konfirmatu du Legazpin izango direla, C10 mailan Europako Txapelduna tarteko. Alemaniatik eta Suitzatik ere konfirmatu dute batzuek. Espainiar Estatukoen aldean, aldiz, Valentzia, Katalunia, Asturias, Galiziako… jendea hasi da gurekin kontaktuan jartzen.

-Zirkuituari buruz zer esan zenezake?

Ez da zirkuitu arriskutsua, malda handirik ez dauka baina luzera aldetik sobran goaz. Irteera azken urteetakoekin alderatuta gorago izango da eta helmuga ia-ia Atagoitiko bidegurutzean izango da. Goiko aldean pilotuaren trebezia ikusiko da, bigarren atalean, berriz, ibilgailuarena.

-Kirol hau arrotza dutenek, zertan jarri beharko lukete arreta?

Bi egunetako proba izango da, bi jaitsiera egun bakoitzeko eta pilotu bakoitzaren 2 jaitsiera azkarrenen denborak gehituko dira. Larunbateko lehena entrenamenduak izango dira, beraz, lehia igandean erabakiko da. Topikoek diote frenatzen ez duena dela azkarrena maldan behera, baina ez da horrela izango. Behar den lekuan frenatzen duenak, asko irabazia dauka, kurbatik bizi irten beharra dago, eta ez sartu.

-Legazpirentzat ekitaldi handia izango da, ezta?

Espainiako ziklokros txapelketa izan zen iazkoan, baina Europar mailako proba bat, nahiz kirol horren ezaguna ez izan, uste dugu beste maila batean dagoela. Benetan ikusgarria izango da, ziur gaude, eta jakin mina piztuko du seguruenik. Gainera, ekitaldia herrira eramateko ahalegina egingo dugu, nahiz eta jaitsiera Aztirian izan.