GDKO Irratia: Goitibeherak Galdakaon

Galdakaoko jaietan falta ezin den zerbait badago, hori goitibehera lasterketa da eta atzo izan zen aurtengoa. Pasa den mendeko 70. hamarkadaz geroztik ez dute hutsik egin goitibeherak Galdakaon, ibilbidea aldatu arren. Duela bi urte berreskuratu zen Elexalden hasi eta udaletxe aurrean bukatzen den ibilbidea, guztira kilometro batekoa eta bihurgune nahikorekin. Jende piloa bildu zen errepidearen ertzeetan ikuskizunaz gozatzeko.

Aurreko irudietan 70. hamarkadan herrian egindako goitibeheren lasterketan momenturik onenak jasotzen dira. Segurtasun neurriak gutxi ziren garai hartan, atzo, berriz, ibilbide guztia bolondresez zainduta egon  zen, horietaz gain, udaltzaingoa eta larrialdi zerbitzuak nabariak izan ziren.

Ume zein heldu, guztira 47 ibilgailuk hartu zuten parte atzoko lasterketan sei kategoriatan banatuta (arinak, drift trike, errodamenduak, Galdakao, neumatika, sputnik). Tentsio momentuek ezin zuten hutsik egin goitibehera lasterketan, ondorengo irudietan ikusten den moduan ibilgailu batek lastoaren aurka talka jo eta irauli egin zen, zorionez ibilgailuan zeuden bi mutikoek ez zuten minik hartu.

Kategoria desberdinetako hiru denborarik onenak sarituak izan ziren, arinen artean, Francisco Martínez kantabriarra izan zen garailea 50 segundo pasatxorekin. Horren atzetik Julen González eta Oier Aizpuru euskaldunak izan ziren 53 eta 54 segundorekin hurrenez hurren.

Julen González. Argazkia: Xabi Ealo

Drift trike kategorian, hiru euskaldun igo ziren podiumera baina azkarrena Eneko Agirre izan zen 01:01.532 denborarekin, bigarrenak, Unai Poncek, ehunen batzuk gehiago behar izan zituen eta amaitzeko Unai Biainek ia bi minutu behar izan zituen.

Errodamenduak kategorian Oier Mendizabalek eta Mikel Menoitiok eraman zuten garaipena, Iker Etxebarria eta Antonio Murilloren aurretik.

Galdakoztarrak ere parte hartu zuten lasterketan eta azkarrena Ander Ginea izan zen. Gineak minutu bat eta hamabost segundo behar izan zituen ibilbidea egiteko Gorka Madinak eta Lander Peredak baino zortzi segundo gutxiago. Erlantz González eta Jon Ander López hirugarren postua eskuratu zuten minutu bat eta berrogei segundo pasatxorekin.

Neumatika kategorian Arkaitz eta Xabier Alfonso izan ziren garaileak ia 49 segundorekin, horien atzetik, Samuel Torrico eta Aritz Larrinaga eta amaitzeko Ioritz eta Gotzon Aranguren.

Eta amaitzeko sputnik kategorian Endika Pérezek irabazi zuen lasterketa eta 91 ehunen gehiagorekin Jon Bilbao izan zen bigarrena. Amanuel Goñik minutu bat eta hogei segundo behar izan zituen hirugarren postua lortzeko.

 

ALBISTEA: GALDAKAO IRRATIA