Euskal Inertzia Kopa jaio da

Hamarkada berri batean sartu gara eta Maldan Beheran indarrez eta berrikuntzez beterik hasi dugu. Erandioko Jaialdi eta Mutrikuko Tranpan Behera elkarteei zein goitibera lasterketen antolatzaile eta parte hartzaileen laguntzari esker, 2020. Urtean lehia berri bat jaio da; Euskal Inertzia Kopa.

Kopa berri hau, Maldan Beherak kudeatzeaz gain, lantalde handi bat dauka bere atzetik inertzia kirolak euskal herrian gorakadan jarraitzeko helburuarekin.

Euskal Inertzia Kopak berrikuntza ugari izango ditu, asko lehenago goitibera txapelketa batean ikusi gabeak. Lehen aldaketa nagusia sailkapena izango da. Soilik bi sailkapen nagusi izango ditugu, multzo eta kategoria guztiak bateratuz: Gidarien sailkapen nagusia eta Kopilotuen sailkapen nagusia.

Aldaketa honekin parte hartze maila hobetzea bilatzen da, pilotuak ez daitezen konformatu euren multzoko lehenak izanik baizik eta lasterketa bakoitzeko garaipenaren bila irten daitezen. Baina lasai egon, koparen bukaeran multzo eta kategoria bakoitzeko sariak banatuko dira eta, beti ere, gutxienez bost parte hartzaile badira hauetan.

Beste aldaketa bat puntuak banatzeko orduan egongo da. Txirrindularitzako Federakuntza Internazionalak (UCI) munduko sailkapena egiteko erabiltzen duen sistema hartu dugu kontuan. Lasterketak maila ezberdinetan banatu daitezke eta Europako zein Espainiako Koparako baliagarri badira, puntuaketa altuagoa izango dute -parte hartze kopuru eta maila hobea izanik-. Hala ere, kontraesana dirudien arren, lasterketa txikiek izango dute benetako garrantzi sailkapen nagusian, hauek izango dira eta diferentzia handienak eskainiko dituztenak partaidetza baxuagoa izanik. Hau dela eta, formula aproposa lortu dugu lasterketa handiak baloratzeko eta txikienak saritzeko partaidetza hobetu asmoz.

Hirugarren aldaketa kategoria eta multzoak birmoldatu ditugula izan da, lehiak berdintze asmotan. Azken urteetan ezberdintasun handiak ikusten ziren multzo berean zeuden kategoria askorekin eta sailkapenak ikertu ostean Multzoak berritu ditugu modu logikoago bat sortuz.

Bukatzeko akaso askorentzat garrantzitsuena izango den puntua utzi dugu, gaur egun bitarte antolatu diren txapelketa guztiekin aldaketa nabarmena duena; Euskal Inertzia Kopan segurtasun neurri minimo batzuk betetzen dituen edonork hartu ahal izango du parte eta bide batez urteko inertzia kirol aseguru baliagarri guztiak onartuko ditugu -beti ere kontratatzailearen baimenarekin-.

Ez dugu bukatu nahi aurkezpen labur hau argi utzi gabe antolatzaile, parte hartzaile eta laguntzaile denei merezitako garrantzia eman nahi zaiela. Horretarako komunikazioa eta transparentzia izango dugu irizpide antolatzaile, Elkarte eta pilotu ezberdinek bultzatzen dugun Kopa berri honetan.

Bien bitarte, gonbidatu nahi zaituztegu www.euskalkopa.com webguneari bisita egitea eta Maldan Beheraren sare sozialak jarraitzea berri guztien berri izateko.