Belgikarrak nagusi Legazpiko Speeddown Txapelketan

David Tack eta Ines Daems belgikarrak izan dira azkarrenak Legazpin jokatutako Europako Speeddown Txapelketan.

Goitibeheren Europa mailako txapelketa nagusia hartu du asteburuan Legazpik. Eguraldi onak lagunduta, pilotu eta zale ugari bildu dira Aztiriatik Motxorro auzorako maldetan. Proba antolatu duen Maldan Behera elkartea gustura gelditu da asteburuak emandakoarekin; proba “arrakastatsua” izan dela diote, bai eguraldiagatik, bai bildutako zaleengatik, eta baita pilotuen aldetik ikusitako maila handiagatik ere.

David Tack eta Ines Daems belgikarrak izan dira azkarrenak, 2,5 kilometroko ibilbidea 4’40″430-eko denboran eginda. Lasterketa lehiatua izan zen oso, eta bigarren postua, dezima batzuen gorabeheran erabaki zen; beste belgikar bat, Gael Dack izan da podiumeko bigarren tokia bete duena. Hirugarrena berriz, Jan Schmid suitzarra izan da. Aurreneko euskaldunak, Unai Biain eta Adrian Perez oñatiarrak izan dira.

GOIERRIKO HITZA