Asteburua ekitaldiz beteta dator

Ekaineko hirugarren asteburua bertan dugu eta urtero garai hauetan bezala, Sputnik Goitibera ekitaldien ordua da. Larunbatean, Legazpiko Hegialde jaietan izango gara hirugarren urtez jarraian Sputnik Lasterketa antolatuz. Igandean berriz, Ordiziko Urdaneta Eskolaren urte bukaera jaialdian.

Hegialdeko ekitaldia, 17:00tan hasiko da entrenamendu jaitsiera eta erakustaldiarekin. Edonork hartu dezake bertan parte, baita helduek ere. ibilgailuak, Maldan Behera elkarteak jarriko ditu eta gerturatzea besterik ez da izango. Goierri taberna pareko aldapan Slalom motako ibilbidea egin ahal izango da, ondoren, 18:30tan 1vs1 lasterketak hasiko direlarik izena emandakoen artean. Haur, Gazte eta Helduen kategoriak izango dira eta hiru lehen sailkatuek sariak izango dituzte, besteak beste Goierri Tabernan bi pertsonendako afari bat, Arrondo Harategiko Txuletak edota gaztetxoenen artean goxokiak.

Igandean Ordizin izango gara gure Sputnik Goitiberekin, hirugarrenez Urdaneta Eskolako urte bukaerako festan. Inertzia Kirolak ezagutu eta hauekin gozatzeko aukera izango dute gaztetxoenek bi ordu iraungo duen ekitaldian. Ibilbidea Nikolas Lekuona plazatik hasi eta Gudarien Etorbidean zehar egingo da. Gerturatu gurekin gozatzera!

Goitiberak nahikoa ez, igandean Maldan Behera taldeak kide bat izango du “Series de Resistencia Fernando Alonso de Karting” serieetako bigarren proba lehiatzen Asturiasko la Morgal zirkuituan. Lehen probarako Maldan Behera Inertzia Kirol elkarteak taldea osatu bazuen ere, bigarren proba honetan ekitaldiak kubritu behar direla eta, kide bakarra aurkeztu du, Unai Zabalo hain zuzen ere. 300 Itzuli eman beharko dizkio bere taldekide berriekin ibilbideari. Zorte on!