AURTENGOZ BUKATU DIRA LASTERKETA ETA EKITALDIAK

Maldan Behera Inertzia Kirolen Elkarteak lasterketen zein ekitaldien denboraldia bukatu berri du balantze paregabearekin.

Urteak joan ahala, goitibeheraren inguruan sortutako Maldan Behera Inertzia Kirolen Elkarte legazpiarrak gorakada handia jasan duela esan daiteke. Aurtengoan, sorkuntza geroztik urterik onena izan dela aitortu dute bertako kideek.

Elkarteak bosgarren aldiz antolatu du Legazpiko Goitibera lasterketa aitzindaria eta, aurtengoan, hamarkada batzuen ostean proba Aztirira itzuli da. Horretaz gain, Beasaingo zein Izarrako (Araba) probak aurrera ateratzen lagundu dute legazpiarrek. Ekitaldi txikiei dagokionez ere, sasoi betez ibili dira. Denera, dozena bat ekitaldi antolatu dituzte Euskal Herrian zehar.

Sputnik Ekitaldiak arrakasta gehien izan duten arren, bi Goitibera Eskola antolatu dituzte Irun eta Sondikan. Baina, probetan ere hartu du parte, hiru legazpiar eta urnietar batek osatutako taldeak.

Julen Agirreburualde izan da garaipen gehien lortu dituen pilotua, zazpi lasterketetan parte hartu eta lau irabazirik. Gainera, Suitzako Europar Kopan bosgarren sailkatu zen legazpiarra. Mahrez Djatit debutariak ere denboraldi txukuna burutu du bi alditan bigarren sailkatuz. Gaizka Calvo izan da hirugarren taldekide legazpiarra, nahiz eta denboraldia lasai hasi, ia ia bere lehen garaipena lortu baitzuen Kantabriako Puente San Miguel herrian, bigarren sailkatu zen segundo erdira.

Unai Ramos urnietarrak ere lehen urtea egin du Maldan Behera taldean eta bere lehen sailkapen nagusiko podiuma lortu zuen Erandion abuztuan. Ekitaldiz eta emaitza onez beteriko urtea beraz Maldan Behera Inertzia Kirolen Elkarteak 2017 urtean utzi duena.

Jada hasi dira hurrengo proiektuetan lanean eta gonbidapena egin nahi diete elkartean parte hartu nahi duen orori eurekin harremanetan jartzeko.

Bitartean, gogoratu gabonetarako opari zoragarria izan daitekela Sputnik Goitibera bat.